Emakume baserritarrei omenaldia egin asmoz, landa eremuko emakumeen eginarezn bezperan, ‘Lana, Lurra, Bizitza’ argazki erakusketa jarri zuten Durangoko Merkatu plazan. Gerediaga Elkarteak egindako erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Durangoko Udalak bultzatu dute.
Bizkaiko, bereziki Durangaldeko, emakume baserritarren bizimodua eta lana jartzen ditu erakusgai erakusketa honek, 1910etik 1960ra bitarteko garaian. 14 argazki historikok osatzen dute, eta Miren Amuriza Plazak idatzitako literatura-testuek lagundu egiten diete irudiei. Erakusketa emakume baserritarren egunaren bezperan inauguratu da, eta ekitaldian Urkiola Landa Garapenerako Alkarteko presidente Erramun Osa ere izan da.
Inaugurazio ekitaldian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak azaldu du zer helburu duen ekimenak: “Aldarria egitera gatoz, emakumeen ahotsa ozen eta argi entzun dadin. Nondik gatozen ahaztu gabe, nora goazen erabaki behar dugu, eta emakumeoi dei egiten dizuet elkartzeko eta zuen iritzia emateko”.
Lorea Momeñe nekazariak eskerrak eman ditu ekitaldiagatik eta emakume nekazari guztiek egin duten eta egiten duten lanagatik. “Emakume nekazari horiei esker gara orain garena, eta haiei esker gaude hemen”, nabarmendu du. Gainera, landa eremuetan baliabide falta handia dagoela salatu du, eta egoera hori indartzeko eskaria egin du.
Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak, bere aldetik, nabarmendu du Durangoko Merkatu plazak Durangoren eta Durangaldearen historia ederki islatzen duela, baita bertan antolatutako erakusketek ere. “Erakusketa honek erakusten digu zein garrantzitsuak izan diren emakume baserritarrak gure herrien garapenean. Eskerrak eman nahi dizkiet Gerediaga Elkarteari eta Bizkaiko Foru Aldundiari erakusketa hau ekartzeagatik, eta, jakina, emakume baserritar guztiei egiten duten lanagatik”, gaineratu du.







