Skip to main content

Erlete Elkarteak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak, liztor asiarraren aurrean, elkarlanean sortutako ekimena da babesgune hau. 

Azken urteotan, Vespa velutina edo liztor asiarraren hedapenak egoera larrian jarri du eskualdeko erlezaintza, bertako erlea, autoktonoa. Aldaketa klimatikoak eragindako berote eta lehorteak areagotu baino ez du egin arazoa. Izan ere, jasaten ari garen klimak espezie inbaditzaile horren ziklo biologikoarentzako egokia da, bere ugalketa eta hedapena erraztuz. Aldi berean, tenperatura altuek eta lehorteak erlea bera ahultzen dute; landareen nektar- jariatzea eten egiten dute eta, ondorioz, erlauntzera sartzen den elikagaia erabat murrizten da. Egoera horren aurrean, jakina da erlezain askok euren erlauntzak beste kokapen batzuetara eramateko hautua egiten dutela, mehatxutik urrun, Gorbeiara, Arabako lautadara edota Burgos aldera. Testuinguru horretan kokatzen da Erlete elkarteak eta Urkiolako Landa Garapenak berriki sinatu duten hitzarmena, erleak itsas mailatik gorago dauden eremu seguruagotara lekualdatzea helburu duena.

Akordio horri esker, Abadiñoko herri lurretan kokatutako eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen lur sail bat zehaztu da, zeinetan Durangaldeko erlezainek euren erlauntzak Urkiolako Parke Naturalera igotzeko aukera izango duten, uztailaren amaieratik eta negua hasi bitartean. Proiektua gauzatu ahal izateko, ehun erlauntza inguru hartzeko gaitasuna duen lur-eremu bat egokitu eta hesitu da bertan, erlezainen lana errazteko zein kokalekuaren segurtasuna bermatzeko asmoz.

Kokalekuaren aukeraketa ez da ausazkoa izan, hainbat toki aztertu ondoren, Abadiñoko herri lurretako sail bat aukeratu da, inguruak baldintza tekniko eta natural ezin hobeak eskaintzen dituelako. Batetik, eremua itsas mailatik 700 metrotik gorako altueran dago, eta maila horrek nabarmen zailtzen du liztor asiarraren presentzia, erlauntzei arnas gune bat eskainiz. Bestetik, hego aldera ematen duen zelai baten jarriko dira, eta era berean, haize bolada indartsuetatik babestuta egongo dira. Ur-hornidura ere ziurtatua dago, gertu erreka bat igarotzen baita. Aipatzekoa da baita, hitzarmen honetan jasotzen dela, babesgune honetara igotzeko balditzetan, erleak, erle beltzak izan behar direla (Apis mellifera iberiensis). Baldintza honen bitartez, liztorraren erasoetatik babestua egoteaz gain, gure erlearen genetika zaintzeko eta parke naturalaren oreka ekologikoa errespetatzeko urrats esanguratsua ematen da. Erle hauek, asegurua izan behar dute baita ere, eta identifikatuak eta erregistratuak izan behar direla, dagokion araudiaren arabera.